Hiri baratzea, apirilean

Apirilean, baratzea bizitu egiten da. Hilabete honetan tenperaturek gora egiten dute; dena den, izotzaldi berantiarrak ere izan daitezke herrialdeko gunerik hotzenetan. Euri hilabetea izan ohi da. Ez dira ugariak izaten, baina bai beste hilabete batzuetan baino maizago. Iaz, esaterako, apirila oso hilabete epela izan zen: batez bestekoa baino 1,7 ºC gehiagokoa. Duela bi, ordea, euri dezenteko hilabetea izan zen. Kontuan izan hori, eta zure baratzean urrats jakin batzuk egin aurretik, adi egon eguraldi iragarpenei. Era horretan, ez duzu ezustekorik hartuko, eta ez duzu behar baino lan gehiago egingo.

  • Apirilean, honako hauen ereintza babestua egin dezakezu:
    Orburuak eta tipulak.
  • Apirilean, honako hauen zuzeneko ereintza egin dezakezu:
    Zerbak, apioak, alberjiniak, borrajak, brokolia, kuiatxoa, kuiak, azak, endibiak, ziazerbak, marrubiak, ekiloreak, ilarrak, babarrunak, urazak, artoa, meloiak, arbiak, luzokerrak, piperrak, porruak, errefauak, errefautxoak, erremolatxak, angurriak, tomateak eta azenarioak.
  • Apirilean, honako hauek birlanda ditzakezu:
    Zerbak, apioa, alberjinia, kuiatxoak, kuiak, tipulak, azak, urazak, meloiak, luzokerrak, piperrak, porruak, erremolatxak, angurriak eta tomateak.
  • Apirilean, honako hauen uzta jaso dezakezu:
    Zerbak, baratxuriak, orburuak, apioa, borrajak, brokolia, tipula berriak, azak, azaloreak, eskarolak, ziazerbak, marrubiak, ilarrak, babak, urazak, arbiak, porruak, errefauak, errefautxoak, erremolatxak eta azenarioak.