Hiri baratzea, irailean

Iraila aldaketa hilabetea izan ohi da. Udako egun epel eta lehorrak desagertuz joango dira, eta udazkenari ongietorria egin beharko zaio. Hilabete honetan denetarik egoten da: egun beroak, euri egunak eta egun freskoagoak. Baratzeko zereginak egiteko tenperatura atseginagoak direla ohartuko zara.
Argi orduak, baina, murriztuz joango dira, eta eguzkiak ez dio aurreko hilabeteetan bezain gogor joko baratzeari. Horregatik, landareek gutxiagotan ureztatzeko eskatuko dizute; hala, horien maiztasuna eta kantitatea murriztu beharko dituzu. Horrek, bidenabar, argi eta garbi erakutsiko dizu udako labore aldaerak amaitzen ari direla.
Aldaketa horiek (tenperatura zein hezetasun goratze eta jaitsierak) arazoak dakarzkiete aldaera ugariri. Adi egon, eta laboreak behar duen ureztatzea jasoko duela kontrolatu beharko duzu. “Azeri buztana” aliatu bikaina duzu hiri baratze ekologikoetarako, onddoetatik babesten baititu. Baliagarria da prebentziorako zein tratamendurako.
Udazkenaren hasiera sasoi ona da lurzorua ongarritzeko eta aberasteko; izan ere, udaberrian eta udan landatzen dira aldaera gehien, eta lurrak mantenugai ugari galtzen ditu, pobretu arte.

  • Irailean, honako hauen zuzeneko ereintza egin dezakezu:
    Zerbak, apioa, tipulak, azak, azaloreak, eskarolak, ziazerbak, ilarrak, babak, urazak, arbiak, patatak, porruak, errefautxoak, erremolatxak eta azenarioak.
  • Irailean, honako hauek birlanda ditzakezu:
    Zerbak, orburuak, brokolia, tipulak, azak, azaloreak, eskarolak, marrubiak, porruak eta urazak.
  • Irailean, honako hauen uzta jaso dezakezu:
    Zerbak, apioa, alberjiniak, borrajak, kuiatxoak, kuiak, tipulak, azak, eskarolak, ziazerbak, ekiloreak, babarrunak, urazak, artoa, meloia, arbiak, luzokerrak, piperrak, porruak, errefauak, errefautxoak, erremolatxak, angurriak, tomateak eta azenarioak.