Hiri baratzea, abenduan

Abendua hilabete konplikatua da baratzeari dagokionez. Ez da lan handiko hilabetea (udaberriko eta udako hilabeteak ez bezala), argi ordu gutxiago, izotzaldiak, tenperatura beherakadak, euria eta elurteak izaten baitira. Horren eraginez, hilabete honetan zailagoa izaten da baratzean lan erritmo normala izatea. Dena den, horrek ez du esan nahi ezin denik landatu.
Hilabeterik gogorrenetan (alegia, abenduan, urtarrilean eta otsailean) nekez lan daiteke nekazaritza zabal eta askotarikoa, eta hilabete horiek igaro artean zain egotea beste aukerarik ez da. Horregatik, aurretik prestakuntza eta prebentzioa landuz gero (baratze maila goratuak, berotegiak, kanpai babesleak, tunelak, etab.), aldaera gehiago lantzen joan zaitezke, harik eta udaberria iristen den arte.
Pertsona askok atsedena hartzea erabakitzen dute, ondo merezitakoa ziur asko eta, hala, hurrengo denboraldiaren plangintza egiten hasten dira. Horrek ez du esan nahi labore gutxi izateagatik edo laborerik ez izategatik ez duzula inolako zereginik izango abenduan.
Lehendik dituzun aldaeren uztak jaso ditzakezu, edo urtea nola joan den aztertu, egindako akatsak edo sortutako arazoak konpontzeko modua aztertu, edo hurrengo hilabeteetarako landareak edo hazitegiak prestatu. Sasoi ona da lurra ongarritzeko ere. Gainera, trebea bazara, baratzea eraikitzeko edo hobetzeko lanak egin ditzakezu; besteak beste, berotegi bat eraiki, konpost makina bat jarri, ureztatze sistema hobetu, baratze mailak goratu, etab.
Alegia, norberak nahi ezean, inortxo ere ez da aspertuko hilabete honetan, nahiz eta ez izan baratzean hainbeste gauza landatuta. Ez dago aitzakiarik!

  • Abenduan, honako hauen zuzeneko ereintza egin dezakezu:
    Borrajak, eskarolak, ziazerbak, ilarrak, babarrunak, urazak eta errefautxoak.
  • Abenduan, honako hauek birlanda ditzakezu:
    Zerbak, tipulak, eskarolak, ziazerbak, marrubiak, urazak, porruak eta erremolatxak.
  • Abenduan, honako hauen uzta jaso dezakezu:
    Zerbak, orburuak, apioa, borrajak, brokolia, tipulak, azak, azaloreak, endibiak, eskarolak, ziazerbak, ilarrak, babak, babarrunak, urazak, arbiak, patatak, porruak, errefauak, errefautxoak, erremolatxak, tomateak eta azenarioak.