Intsektu onuragarriak

Guztion helburua izan ohi da landare osasuntsuz osatutako eta izurririk gabeko baratzea edukitzea. Hori lortzeko, ezinbestekoa da gure laboreetako izurrien eta gaixotasunen eta horien aurkari naturalen arteko oreka naturalari eustea. Aurkari natural horiek, besteak beste, orain hizpide izango ditugun intsektu batzuk izan litezke.


Izurrien aurkari natural hauek bizi daitezen baldintza egokiak dituen baratze bat sortzen badugu, izurrien agerpena saihestuko dugu. Horretarako, eurak bizi ahal izateko ingurune onuragarria lortu beharko dugu.

Lehenik eta behin, lore eta landare aromatikoak landatu beharko ditugu, onuragarriak diren intsektu hauek erakartzeko polen kopuru handia sortzeko.

Bitxiloreen, petunien, ekiloreen, martorrien, izpilikuaren, anetaren eta mihiluaren loreak ezin hobeak dira gure baratzera intsektu onuragarriak erakartzeko.

Hona hemen intsektu onuragarrien adibideak:

EHUNZANGOA
Harrapakari bikainena da, eta gure landareentzat kaltegarriak diren intsektuak jaten ditu. Lurzoru heze eta harridunak behar izaten ditu, ezkutatu ahal izateko. Gure lorategiko zaintzaile ezin hobea da.

LORATEGIKO ARMIARMA
Ehunzangoa bezalaxe, sekulako harrapakaria da, eta asko laguntzen digu gure baratzearen inguruan ibiliko diren intsektuekin ekosistema orekatua lortzen.

MARIGORRINGOA
Zure baratzean marigorringoak aurkitzen badituzu, landareak osasuntsu dauden seinale. Intsektu hau ia desagertu egin da, pestizida eta ongarri kimiko gehiegi erabiltzeagatik. Oso garrantzitsua da zure baratzean marigorringo dezente edukitzea. Horixe da landare zorrien, akaroen, zorrien… harrapakari nagusia.

LIZTORRA
Intsektu kaltegarrien larbak jaten ditu, eta ezin hobeto kontrolatzen du izurri horien garapena, hasiera-hasieratik suntsitzen baititu. Jarri urmaelak eta antzeko espazioak zure baratzean, lore eta landare aromatikoekin. Hala, liztorrek baldintza egokiak izango dituzte han bizitzeko.

KRISOPA
Euli zuriaren suntsitzaile nagusia da. Euliaren larbetan jartzen ditu arrautzak, eta jaio bezain pronto, jaten hasten da. Jarri botilak zure baratzean eta lorategian. Hala, udaberri eta uda osoa zure baratzeko loreetatik nektarra hartzen igaro ondoren, botiletan babes hartuta igaroko du krisopak negua.

Zergatik erabiliko ditugu gai kimikoak gure baratzeko izurriei eta gaixotasunei aurre egiteko, jakinik naturak irtenbiderik onenak jartzen dizkigula eskura?