Nola Hasi?

Balkoi edo terrazan hutsune txiki bat aprobetxatzeko desioan daude asko, hiri-ortuekin hasteko; hortaz, arlo honetan trebatzeko eta ondo hasteko eman beharreko lehen urratsak aztertuko ditugu. Gero asko dago sakontzeko gai honen inguruan.
Etxean hiri-ortu txiki bat edukitzeko jarraibide erraz batzuk emango ditugu jarraian, guztiek gozatu ahal izan dezazuen.


ARGIA -ORIENTAZIOA
Gure hiri-ortuari hasiera emateko, egun osoan zehar zenbat eguzki-argi dugun aztertu behar dugu; orientazioa ere garrantzitsua da, horrek eragin handia duelako barazki jakin batzuk erein ahal izateko. Balkoia hegoaldera orientatua egotea da egokiena.
Hala ere, hori aukeratu ezin izango dugunez, gu egokitu beharko gara espaziora eta jasotzen dugun argi kopurura; ez kezkatu eguzki-argi asko ez badago, landare asko baitago neurri batean itzaletan haz daitezkeenak, baita apenas eguzki-argi zuzenik gabe haz daitezkeenak ere.


ONTZIA
Baditugu hasteko ezinbestekoak diren hiru elementutatik bi; gure barazkiak ereiteko ontzia baino ez zaigu falta orain.Elementu pila bat erabil ditzakegu, baita gauza asko birziklatu ere, hala nola pet botilak, tetrabrikak, fruta kutxak edo poliespan bandejak (hauek dira nire gogokoenak; ia denetarik erein daiteke eta oso erraz eraman eta lor daitezke fruta-denda eta arrandegietan. Gutxienez 20 eta 30 cm bitarteko sakonera edukitzea da egokiena, landareak egoki garatu daitezen; hala ere, guztiek ez dute hain sakonera handia behar, baina horrela guztiak hartuko ditugu aintzat.

Beste aukera interesgarri bat, espazio pixka bat badaukagu, laborantza-mahai bat erosi edo egitea da. Egia esan, trebeak bagara, guk geuk egin dezakegu paleak baliatuta, eta horrela diru apur bat aurreztuko dugu; oso erraza da eta askoz ere erosoagoa izango da gure barazkiak landatzea.


LURRA
Hiri-ortua martxan jartzeko azken urrats gisa, gure barazkiak landatzeko erabiliko dugun nahastea falta zaigu. Ahalik eta nahasterik onena aukeratu behar dugu beti; lurraz gain, mantenugai pila bat behar izango ditu landareak sendo hazteko eta fruitu hobeak eman ditzaten. Besteak beste, oinarrizko hiru mantenugai behar dituzte landareek, beste mikro-mantenugai batzuez gain: nitrogenoa, potasioa eta fosforoa. Hori dela eta, funtsezkoa da gure lorontzi eta laborantza-mahaietan jarriko dugun nahastea ondo prestatzea.
Substratu egokia modu errazean nola prestatu ikasteko bideo bat duzue eskuragarri. Ongarri eta erremedio ekologikoei buruzko atalaz gain, guk geuk egiteko moduko ongarri pila bat ere badago.


URA
Gure hiri-ortuan oso garrantzitsua da ura; etxebizitzan ez da zaila ura edukitzea, baina zoragarria izango litzateke euri-ura jasotzeko bidoi batzuk jarri ahal izango bagenitu. Edonola ere, txorrotako ura erabiltzen badugu, garrantzitsua da ontzi estali batean jalkitzen uztea bizpahiru egunez, kloroa lurruntzeko eta urak giro-tenperatura har dezan.


EREITEA
Gure edukiontziak prestatzen bukatutakoan, prest gaude erein eta landatzen hasteko; hortaz, lanean hasiko gara. Garrantzitsua da ereintza-egutegia kontsultatzea, garai edo une bakoitzean zer erein dezakegun jakiteko, eta, ereintza-lanetan hasiberriak bagara, ziklo laburreko laboreak landatzea da egokiena (hilabetean edo hilabete eta erdian biltzen da uzta), hala nola, letxuga, espinaka edo zerba. Hala ere, beste zenbait barazki ere landa ditzakegu: errefautxoak, berakatzak, kipulak… Loreontziak edo laborantza-mahaia gehiago aprobetxatu nahi baditugu, zein landare elkartzen den ondo azter dezakegu, elkarren garapena kaltetu gabe.
Espero dut asko animatuko zaretela zeuen balkoi edo terrazetan landatzen eta, batez ere, jarduera honekin gozatuko duzuela. Gainera, lasai egon zaitezkete, webgunean baduzuelako laborantzari, ongarriei, izurrien kontrako erremedio ekologikoei eta beste zenbait gauzari buruzko informazio nahikoa.