Substratua edo lurra

Behin ontzia aukeratu dugunean, substratuz bete beharko dugu. Substratua, hain justu, loreontzietarako edo bestelako ontzietarako lur espezifikoa da.

Eta, zergatik izan behar du espezifikoa?.

Erraza da azaltzen: landareak lurzoruan hazten direnean, sustraiak luzatu egin daitezke, ur edo mantenugai gehiagoko tokietara iristeko; ontzi batean, ordea, ez.

Horregatik, garrantzitsua da loreontzietarako espezifikoa izango den substratua bilatzea, urari ondo eutsiko diona, eta mantenugai ugari izango dituena. Garrantzitsua da, halaber, arina eta porotsua izatea (sustraiek ere lurreko poroetan dagoen airea behar dute).

Edozein lur ala substratuk balio dit?
Ez. Substratua da, zehazki, baratzean arrakasta izango duzula bermatzeko faktore garrantzitsuenetako bat. Produktu merkea da; beraz, merezi du pare bat euro gehiago gastatu, eta kalitate oneko bat erostea. Aldea agerikoa izaten da. Merkeak diren substratu askok arreta handiagoa eskatzen dute gerora, eta beharrezkoa izaten da oso sarri ongarria botatzea.

Bada garrantzitsua den beste faktore bat: beharrezkoa da baratzeetan espezializatuta dauden dendetan erostea substratuak; edo, bestela, ezagutzen dituzun marketakoak izan daitezela. Ez erabili marka zuriak edo oso merkeak.

Marka horietako batzuek araztegiko lohiak erabiltzen dituzte, eta litekeena da bertan metal astunen hondarrak egotea. Ez duzu lurzoru horretan hazitako ezer jan nahiko, ezta?

Bestalde, beharrezkoa al da ongarria erabiltzea?

Hasieratik substratu onarekin hasten bazara, ez da beharrezkoa ongarria botatzea. Sasoiz aldatzean, aldiz, ongarri pixka bat bota diezaiokezu lurrari; esaterako, zizare humusa edo konposta.

SUBSTRATU UNIBERTSALA
Substratu unibertsal on bat primerakoa da loreontzietarako eta jardineretarako. Ziurtatu marka ezagunekoa dela, erosi denda espezializatu batean, edo egiaztatu poltsan jartzen duela hiri baratzerako egokia dela.

Substratuaren errezeta magikoa, hiri baratzerako

Errezeta hau, hain zuzen, hainbat substraturen arteko konbinazioa da. Konbinazio horrek nahasketa bakar eta baratzerako oso on bat sortzen du. Nahasketak bi osagai ditu:

  • Koko zuntza: Oso substratu arin eta harroa da, koko azalarekin egindakoa. Horri esker, belaki baten pare jokatzen du; hots, airea eman, eta ura atxikitzen du.
  • Zizare humusa: Zizareek digeritutako substratu organikoa da. Mantenugai ugari ditu; hainbeste, sasoi aldaketa guztietan ongarri gisa erabil daitekeela, lurzorura botaz, mantenugai gehiago izan ditzan.

Hain propietate desberdinetako bi substratu horien nahasketak hiri baratzerako substratu ezin hobea sortzen du. Hauxe da beharrezkoa den ehuneko ideala: koko zuntza (% 60) eta zizare humusa (% 40).